Skip to main content
x

Black Friday: esan dezagun egia

Aste honetan, iritzi eta baieztapen ugari entzun ditugu Ostiral Beltzari buruz, eta, zalantzarik gabe, askoz gehiago entzungo ditugu heldu den astean ere. Horietako batzuk, jakina, anekdotikoak izango dira eta, zenbakit kasutan, balorazio positiboa egingo dute merkataritza-ekintza honen inguruan.   Hala ere, ikuspegi hori oso urrun dago errealitatetik.  

 

Alde batetik, hainbat komunikabidek iragarri dute Ostiral Beltzak langile asko kontratatzea ekarriko duela. Hala izanda ere, ez dugu ahaztu behar egun bakar baterako kontratatuko dituztela, edota egun gutxi batzuetarako. Gainera, pentsatzekoa da kasu gehienetan langile horiei gaizki ordainduko dietela eta ez dietela eskatuko sektoreari buruzko prestakuntza izaterik, ez ezta legeak agintzen duen beste gai batzuei buruzko prestakuntza izaterik ere, lan-arriskuen prebentzioari buruzkoa, esate baterako.  Beste alde batetik, kontsumitzaileak aipatu behar ditugu. Izan ere, Ostiral Beltza eguneko erosketak presaka eta korrika egiten direnez, kontsumitzailea askotan ez da gustura gelditzen. Gainera, ez du behar duen arreta jasotzen,eta zenbaitetan, azkenean aisialdia tortura antzeko zerbait bihurtzen da, eroslea sekula ez baita konforme geratuko hautatutako saltzailearekin.  Azkenik, herriko edo hiriko dendak aipatu behar ditugu.  Joan den astean argitaratutako ikerketa baten arabera, salmentak % 300 igoko dira Ostiral Beltzean.  Agian, ikerketa horretan aipatu behar zuten Ostiral Beltzaren aurreko 15 egunetan merkatariek ezer gutxi irabazten dutela egun horietan salmentak izugarri jaisten direlako.  Merkatariek, egoerak behartuta, parte hartzen dute Ostiral Beltzean, aurreko bi asteetako galerak estaltzen saiatzeko eta beren kontabilitate-exceleko hutsuneak betetzeko.

 

Orduan … nori egiten dio mesede Ostiral Beltzak, langile, kontsumitzaile eta merkatariei onurarik ekartzen ez badie? Guk argi daukagu:  plataforma eta operadore handiei, hau da, kontsumo-ohiturak aldatu eta ohitura horiek irrazionalago, bat-batekoago eta, beraz, jasangaitzago bihurtzeko apustua egiten dutenei. Plataforma horiek bultzatzen gaituzte ezertarako balioko ez diguten gauzak eta behar ez ditugun objektuak erostera. Eskaintzan daudelako erostera bultzatzen gaituzte, eta gainera, hartarako mugikorra erabiltzera animatzen gaituzte, sofatik mugitu ere egin behar izan ez dezagun, "jende pilaketak saihestuko ditugula" argudiatuta. Ezkongabeen Eguna, Ostiral Beltza eta Cybermonday Eguna batzen baditugu, azaroa guztiz penagarria da merkatariontzat. Izan ere, gure asmoa beti izaten da bezero bakoitzak behar duena eramatea eta gure dendatik pozik ateratzea, behar duenean berriro ere gure etxean bueltan izateko.   Eros dezagun!!!

 

Mikel Cabestrero Etxeberria

Merkatarien Elkarteetako merkataritza-teknikaria